Honi buruz
2008. urtean jaio zen Azpitituluak Euskaraz proiektua Luistxo Fernandezen eskutik. Komunitateko lanak koordinatuz, hainbat lagunen bidez azpitituluak kargatuz, eta Open Data Euskadiren eta Filmazpit-en ahalegin publikoak elkartuz, 10 urtean mila inguru azpidatzi bildu ziren.
Halabaina, Luistxo Fernandezek alto egitea erabaki eta errelebo posible baterako aukera ireki zuen. Aukeraren bat edo beste azaldu zen, baina erabaki zuen, euskararen sustapenerako dirulaguntzen zikloan sartuz gero, bere enpresak, CodeSyntax-ek har zezakeela lekukoa. 2018ko udaberrian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzetara aurkeztu zen proiektua, eta hemen da emaitza, gardentasunez: 3.270 euroko dirulaguntza jaso zen, webgunea berritu, eta hainbat eduki berri gehitzeko (gutxienez, 100 filmen azpidatzi berri, eta 50 atal telesail desberdinetakoak; laster aurkeztuko den beste ekimen ikus-entzunezko bat bideratzeaz gain).
150 azpidatzi horien sinkronizazio eta informazio fitxak osatzeaz gain, CodeSyntax-ek ardura hartzen du Azpitituluak Euskaraz webguneak ahalegin komunitario gisa funtzionatzeko: erabiltzaile batekin erregistratuz gero, azpidatziak eta filmak kargatu ditzakete boluntarioek.
Fitxetan erantzun ere egin daiteke, azpidatzi gehigarriak kargatuz, eta albistegian ere parte hartu daiteke, ohar orijinalak kargatuz edo erantzunak utziz. Dena den, horretarako ere erabiltzaile gisa login egin beharra dago.
Aldaketa honekin, halaber, Azpitituluak.com izan dena, Azpitituluak.eus bihurtu da. Baina webgune zaharreko URL eta estekek, film eta albisteenak behintzat, automatikoki zuzentzen dute webgune berrira.