2017ko balantzea, eta 2018ko nire agurra

Luistxo Fernandez — 2018/01/01 21:38:00 GMT+1

Azpidatzientzako urte ona izan da 2017.a, bereziki Open Data Euskadin diru publikoz egindako azpidatzi asko askatu zirelako, enkarguz diru publikoz ordainduak egin zirenak. Baina boluntarioek ere ekarpen dexente egin dituzte, 83 film, horietarik 40 lagun bakar batek eginak: Joxe Aranzabalek. Eskerrik asko Joxe.

Hala ere, proiektu honen arduradunari bateria agortu zaio. 2018an 10 urte beteko ditu Azpitituluak Euskaraz ekimenak. Lan asko eskaini diot ideia eta proiektu honi, baina nekatu naiz, eta 1.000 filmeko katalogora iritsitakoan, alto egingo dut. Orain 958 film luzeko marka daukagu, eta uste dut milagarrena martxoan-edo gerta daitekeela (izatez 10. urteurrena udan beteko da).

Mila film luze 10 urtean, uste dut marka on bat geratuko dela, eta lekua ez dut itxiko. Inork filmak kargatzen baditu, egingo dut haien agerpena txukun agertu dadin, eta hortaz "mila baino gehiago" izan ahal izango dira film luze horiek. Webgunea martxan edukiko dut, ordainduko dut domeinua eta ostatatzea, eta kito. Aukera bat egon daiteke proiektua biziberritzeko, eta hori da boluntario gazteren bat agertzen bada ardura hartu nahi duena, proposamen majo batekin. Nik 51 urte ditut, baina agertzen bada 30 urte baino gutxiago dituen norbait, gogo zintzo batekin, pasatuko dizkiot ardurak, ikasi dudanaren irakaspen xume batzuekin batera. Ea ba.

Mikel dio:
2018/01/03 18:10
Kaixo Luistxo,

Mila esker eta zorionak egindako lan guztiagatik. Ordenagailu kontuetan profesionala ez den honek lortu zuen azpitituluak deskargatu eta ikustea, baita pare bat itzuli eta hemen argitaratzea ere. Hori lortzeko oso abila izan behar du sustatzaileak, zorionak beraz.

Ea agertzen den 30etik beherako neska edo mutil saltsero hori. Nik 2018an film bat behintzat itzultzeko asmoa badut, oso ona gainera :D

Urte berri on!!!
Arkaitz dio:
2018/01/06 17:23
Eskerrik asko, Luistxo.