Nola euskaratu azpidatziak
Azpititulu bat euskaratzeko modu errazena da erdarazko fitxategi bat hartu, eta gainetik itzuli. Subdivx da toki bat gaztelaniazko bertsioak aurkitzekoa, eta Subscene ingelesezkoak eta beste hizkuntza batzuetakoak.
Testu hutsa editatzeko editore bat gomendatzen da euskaratzea egiteko. Adibidez, Ubuntun, testu-editore arruntarekin ireki .srt fitxategiak, eta ondo irakurtzen dira (galdera egiten badizu sistemak irekitzerakoan, bistaratu erantzun zuk)
Dialogoa, lerro zenbakiak eta denbora markak dituzten fitxategiak dira srt-ak. Itzuli hitzak, zenbaki eta denborak berdin utzita, eta kontuz lerro saltoekin, hemen erakutsi moduan egin:
Itzulpenerako metodoa, eta zuzenketa
Azpìtituluak Euskaraz proiektuaren sortzaile Luistxok honela egin ohi du: ikusi aurretik saiatu testua lortzen eta itzultzen, filmari begiratu gabe. Ondoren, amaitzean, berrikuspena egin, zuzenketak egiteko. Honela_
- jarri .avi-a eta .srt-a karpeta batean, biak izen berarekin (salbu luzapena), eta ikusi.
- aldi berean, .srt-aren kopia bat eduki, B testua, beste izen batekin, testu editorearekin irekita.
- pelikulan ikusitakoa zuzendu behar dela uste duzunean, eman Pause, igaro B testura, eta han egin zuzenketa.
- amaitzen duzunean, B testua da kopia zuzena
Itzulpen eta zuzenketetan, Luistxok ez dio zuzentasun akademikoari edo literaltasunari gehiegi begiratzen. Ulergarri egiten bada, aurrera.
Azpitituluak euskaratuta, baliteke ez egotea sinkronizatuta bideo fitxategiarekin. Sinkronizazioa ondo egiteko tutorial hau prestatu dugu.
Itzultzaile profesionalaren aholkuak
Hona, Ana Morales itzultzaileak deskribaturiko azpidatzi eraginkorren ezaugarriak:
- laburrak
- ulerterrazak
Azpidatzi bakoitzak gehienez 2 lerro ditu, eta orotara lau bat segundo irauten du. BERAZ:
1. MOTZ idatzi:
- gehienez ere 2 lerro
- lerro bakoitzean 4-6 hitz
Hitz gutxi idatziko baditugu, LABURTU egin behar dugu, eta informazioa galdu. Horregatik muinari heldu behar diogu. Azpidatziak itzulpen mota berezia dira; ez saiatu dena itzultzen. Ikusleak aparteko laguntzak ditu mezua ulertzeko: irudiak eta pertsonaien doinuak.
Beraz, kendu:
- axalekoa (errepikak, betegarriak, onomatopeiak, pleonasmoak...): hitz batekin (birao batekin, adibidez) eutsi doinuari, baina ez errepikatu. Elipsia zure laguna da.:
Oh God, it´s him, it´s the guy I told you about, fuck. Hostia, bera da, tipoa!
- esan gabe ulertzen dena (irudiak laguntzen duelako, adibidez):
It´s the last time I´m asking you this: who is this woman? Azken aldiz esango dizut: nor da?
Tokia aurrezteko, erabili:
- hitz laburrak: ez baizu «arratsalde on!» sartzen, «kaixo!» idatzi. Zilegi da hiponimoak (hitz espezifikoagoak) edo hiperonimoak erabiltzea (hitz orokorragoak):
She was so nice. She brought me carnations Loreak ekarri zizkidan, ze jatorra.
- forma osoak barik, erabili laburpenak:
Will you come to my birthday party? Bazatoz nire festara? May we have maccaronni and cheese? Makarroiak, mesedez. I spent the whole afternoon at the Public Library Liburutegian egon nintzen
2. Erraz prozesatu behar dira azpidatziak. Beraz, ULERGARRI idatzi:
- Ez erabili neologismo arrarorik. Arraroa=oso zabalduta ez dagoena
- Ez erabili hitz konposatu konplexurik («hauteskunde boto kutxa» edo «lursagar arrautzopila» estilokorik). Oso nekezak dira prozesatzen.
- Azpidatzi batean ez idatzi 2 pertsonaiaren hitzak baino gehiago, eta pertsonaia bakoitzarentzat lerro bat erabili. Oso laburrak badira, hirurenak sar daitezke, baina barraz bereizi:
-What? -I didn't know -Give it back to me now! -Zer? / -Ez nekien / -Ekarri!
- Unitateak errazago prozesatzen dira zatiak baino. Bi lerroak erabili behar ditugunean saiatu ez zatitzen sintagmak.**
Ez honela:
Banekien oso etxekoandre ona zela eta lortuko zuela
Honela baizik:
Oso etxekoandre ona zen. Lortuko zuen, banekien.
Ez honela:
Oherakoan ipuinak kontatzen zizkidanean zoriontsua nintzen
Honela baizik:
Ipuinak kontatzen zizkidan. Hura zoriona, oherakoan.
- Ahal izanez gero, lerro bakoitzean esaldi bat.
Ez honela:
Zenbat aldiz esan dizut etxera inor ez ekartzeko?
Honela baizik:
Ez ekarri inor etxera. Zenbat aldiz esan dizut?
Erabili tipografia ulertzea errazteko:
- Kanta bat bada, erabili letra etzana edo gainean [KANTA]? idatzi:
[KANTA]? Euripean nabil kantari
- Elkarrizketetan jarri gidoia pertsonaia bakoitzaren hitzen aurretik:
-Zer gura zuen? -Ez dakit.
- Eten puntuak erabil daitezke esaldiaren amaiera ezaguna denean:
Badakizu: urrutiko intxaurrak...
3. BESTE AHOLKU BATZUK.
- Zuzendu akats tipografikoak: despistagarriak eta itsusiak dira.
- Lekua izan arren, ahal bada, laburrago egin.
- Informazioaren parte bat galdu beharko duzu. Onartu eta muina jaso.
- Azpidazle bikaina bazara, erreferentzia kulturalak egokitu edo sinpletuko dituzu:
Why are you training so hard? Playing the Superbowl? Zer? Olinpiadetarako prestatzen?
Twitterlaria bazara, ez zaizu aholkuoi jarraitzea hainbeste kostatuko, baina azpidatziek 140 karaktere baino gutxiago dauzkate. Zenbat? Nire proposamena da saiatzea:
- lerro bakoitzeko 25 karaktere erabiltzen
- lerro bakoitza irakurtzeko 2 segundo kalkulatuta (denera 4).
Hori luza daiteke, hala ere. Gai honi buruzko literaturan proposamenak 25 ingurutik 40 inguru bitartera doaz. Edozelan ere, Bego Montorio itzultzaileak arrazoi handiz ohartarazi didanez, azpidazketan urteetan gehien erabili den (eta oraindik askok darabilten) irizpidea «sei segundoko araua» deritzona da. Horren arabera, batez besteko irakurleak 6 segundotan gehienez 70 karaktere irakurri eta ulertu ditzake. Hortaz:
- lerro bakoitzean 35 karaktere -
- azpidatzi bakoitza (2 lerroak) irakurtzeko 6 segundo
Nire proposamena zekenagoa izan da, bi arrazoigatik:
- sei segundoko araua zine pantailetarako egokia iruditu arren, orain sarri askotan gailu txikiagoetan ikusten ditugulako azpidatziak: ordenagailu eramangarriak, tabletak, smartphoneak
- nire preferentzia pertsonalengatik: filma azpidatziekin ikusten ari den ikusleak ahalegin gehigarri bat egin behar du, eta, beraz, neke gehigarri bat dauka, arreta aldi berean irudian eta letretan jarri behar duelako (eta ez ikusi bakarrik, dekodetu ere egin behar du idatzita dagoena). Zenbat eta gehiago arindu lan hori, eta irudian zenbat eta interferentzia gutxiago egin, goxoagoa esperientzia (jakina, mezu ulergarri bat ematen badiogu).
Beraz, esandakoa: baimena daukagu lerro bakoitzean gehienez 35 karaktere erabiltzeko, gutxiago bada, hobe, baina ezta bat ere gehiago!