2020ko lehen karga handia, eta boluntarioen ekarpenak

Azpitituluak-eus 2020/11/18 11:33:48 GMT+1
2020an boluntarioek zenbait ekarpen egin dituzte orain bitartean, baina aldi berean iturri publikoetatik egokitutako azpidatzien karga handi bat ere egin dugu, urtea amaitu aurretik beste karga batzuekin osatuko duguna.

Boluntarioen ekarpenen artean, Gau Beltzek ekarritako Mortal Engines edo Makina hiltzaileak eta Andoni Imazen Tillsammans aipatu behar bereziki: moderazio ilaran denbora gehiegi egon ziren ezkutuan, kudeatzailearen erruagatik (barkatu). Baina hortxe daude jada katalogoan.

Beste itzultzaile boluntario batzuen ekarpenen artean, Greyhound eta Mulan, streaming plataformetan 2020an emandako lanak,  edo klasiko batzuk, hala nola Billy Elliot, A Star is Born (1937) edo The Killing Kubrick-ena.

Beste iturri batzuetako ekarpenetan, 25 film gehitu ditugu. Bi harribitxi aipatzearren, The Death of Stalin komedia sarkastikoa, eta Gerra Hotza poloniar filma. Telesailak ere gehitu ditugu, bi denboraldi oso Le Bureau eta Kidding telesailenak (hamarna atal bakoitzean), eta minisail edo istorio beregain bezala ikusi daitezkeen klasiko batzuen lanak: John Le Carreren The Little Drummer Girl (6 atalekoa), eta Agatha Christieren The Abc Murders eta And Then There Were None (10 beltz txiki).