Telesail berriak geurean, mini-series erako istorio itxiak denboraldi bakarrean
Azpitituluak-eus
—
2022/08/31 12:46:20 GMT+1
Aspaldiko partez, telesailetako azpidatzi sorta batzuk gehitu ditugu gure webgunera. Aukeran, mini-series edo telesail itxiak izan daitezkeenak hautatu ditugu, hau da, denboraldi jakin batean istorioa hasi eta amaitzen diren ikus-entzunezko lan horiek.
Euskarazko azpidatziekin, errazagoa da era horretako telesail "mugatuak" lan oso bezala edukitzea geure katalogoan, denboraldiz denboraldi luzatzen diren telesailetan hutsune gehiago izan ohi ditugulako, zailtasun gehiago lan osoa guztiz euskaratzeko.
Abuztu honetan gehitu ditugunetan, beraz, istorio hauek nabarmendu ditzakegu:
- Pembrokeshireko Hilketak. Galesen kokatutako hiru parteko krimen misterioa, benetako gertaeretan oinarritua (irudia telesail honetakoa da).
- Quiz: hau ere Erresuma Batuan gertaturiko kasu bat, iruzur bat telebistako lehiaketa ezagun batean.
- The Loudest Voice: Roger Ailes hedabideetako jauntxo estatubatuarraren historia, Fox News kate ultrako nagusia, eta Me Too mugimenduak salatu zuen abusatzaile bat. Aurreko biak bezala, hau ere benetako gertaeretan oinarritua.
- The Good Lord Bird. Fikzioaren alorrean, baina AEBetako esklabismoaren azken urteetan, benetako gertaera batzuek kontestua ematen dutelarik, hortxe kokatzen da telesail hau.
- Years and Years: hau zientzia fikzio distopikoa dela esan genezake, baina aldi berean ikuspegi politiko zorrotz batekin egina dago. BBCk izan duen azken urteetako ekoizpen txalotuenetako bat da.