Freaks
- Urtea
- 1932
Gaur egunean, pelikula honi buruzko aurreiritzi ezkorrak daudela esango nuke. "Freak" hitzak duen konnotazioekin, jendearen burura datozen hitzak "higuina, deprabazioa, patetismoa, morboa" izan daitezke. Ikusten dugunean, berriz, oso bestelako gauzak etortzen dira gogora: superazioa, errespetua, elkartasuna, duintasuna... ("gutako bat iraintzea, denok iraintzea da"). Tod Browningek sentikortasun haundiz aurkezten ditu bere heroi txikiak, miresmenez, maitasunez, umorez. Kupida arrastorik ez. Hartara, hasierako "munstroak" gizaki bihurtzen dira filmean zehar, haietako batzu aktore gisa ere nabarmenduz -igartzen da antzezle profesionalak direla-. Ingelesa ikasten ari direnentzat ere film interesgarria da: batetik artista atzerritarrak daude (errusiarrak, alemanak, frantsesak...) poliki eta ongi ahoskatzen dutenak; bestetik, pertsonai iparramerikarrek kaleko "slang" errejistroan dihardute.
Sinopsia: herririk herri dabilen zirku batek, "munstro" taldetxo bat du espektakuluaren parte bezela. Haien artean Hans ipotxa dago, orain dela gutxi diru kopuru handia jarauntsi duena. Dirutzaz jabetzeko, Kleopatra trapezista ederrak Hans limurtuko du, harekin ezkontzea lortuz. Eztegu ospakizunean, baina, Kleopatrak gehiegi edango du Hans lotsagarri utzita eta haren lagunak larriki irainduta. Elkar hartuta, "munstroek" mendeku izugarria burutuko dute.
Zuzendaria eta ekoizlea: Tod Browning. Estudioa: Metro-Goldwyn-Mayer. Gidoia: Willis Goldbeck, Leon Gordon, Al Boasberg. Argazkia: Merritt Gerstad. Muntaia: Basil Wrangell. Eskenografia: Cedric Gibbons. Efektu bereziak: Minnie Woolsey. Antzezleak: Wallace Ford, Leila Hyams, Olga Baclanova, Henry Victor, Harry Earles, Daisy Earles, Roscoe Ates, Rose Dione, Daisy Hilton, Violeta Hilton, Schlitze, Josephine Joseph, Johnny Eck, Frances O'Connor, Peter Robinson, Olga Roderick, Koo Koo, Prince Randian, Martha Morris, Elvira Snow, Jenny Lee Snow, Elizabeth Green, Angelo Rossitto, Edward Brophy, Matt McHugh, John Aasen, Ernie Adams, Jerry Austin, Louise Beavers, Sydney Bracey, Albert Conti, Tiny Doll, Edith, Delmo Fritz, Murray Kinnell, Tom London, Michael Visaroff. Izenburuak: Freaks (en), Munstroak (eu), La Monstrueuse Parade (fr), La parada de los monstruos, Fenómenos (es).
Film hau Jarrion.eus aplikazio mugikorraren bitartez ikus daiteke etxean, Chromecast aparailu bat baduzu.
Bertsio hauetarako:
Freaks.[1932].DVDRip.XviD-FRAGMENT.avi Freaks.1932.720p.WEB-DL.AAC2.0.h.264-fiend Freaks (1932) 720p Web Dl.x264 SUJAIDR
Bertsio horri dagokion muntaiari buruz, ohar batzuk egin behar dira bertsio desberdinak baitaude:
- Jatorriz, hasieran ingelesezko parrafada idatzi filosofiko luze xamarra du. Bertsio honetan moztua dago.
- Bertsio honetan Herkules pertsonaiaren amaiera zehazten ez bada ere, jatorrizko bertsioan zirkoan jarraitzen du... abeslari "castrato" bezela.
- Nik gogoratzen ditudan eskena bi ere kenduak daude: besorik gabeko neska harrikoa egiten, eta Prince Randian zigarroa biltzen (bertsio honetan zigarroa jada bilduta du, eta bakarrik piztu egiten du).
- Jatorrizko amaiera ilunegia zelakoan, estudioek epilogo "zuriagoa" gehitu zioten, hemen ikus dezakeguna (Hans damuturik, Friedarekin berradiskidetuz).