Mean Streets

Oier Gorosabel Larrañaga 2021/06/01 21:55:00 GMT+1

Martin Scorseseren lan hau zinemazaleen ranking askotan nabarmen gisa agertzen da, eta krimen generoko pelikula modernoen abiapuntutzat jotzen dute.

Zinemazaleei zuzendutako keinuz beterik dago, baita italiar-amerikarrei ere. Izan ere, aurreko urtean estreinatutako The Godfather bezala, komunitate honi ikuspegi berritzaile batetik begiratu zion, benetako "etnografia urbanoa" eginez kultura horren partaide den pertsona baten ikuspuntutik. Ameriketako italiarren matxismoa (oheratzeko eta ezkontzeko emakumeak bereiziz), arrazismoa (txinatarrak eta juduak ez dira oso ongi ateratzen), kontserbadurismoa (protagonistak gurasoen etxean bizi dira), katolizismoa (bere kontraesanekin, "ongia" eta "gaizkia" kontzeptuen erlatibotasunarekin...), mafiekiko menpekotasuna... oso modu esanguratsuan erretratatzen ditu kultura horren muin-muinean hazitako Scorsesek.

Neorrealismoaren tradizioan, filmak ez du planteamendu-korapilo-askatze eskema klasikoa jarraitzen: ostera, protagonisten eguneroko bizimoduaren zatiak erakutsiz osatzen du istorioa, inolako aurkezpen edo azalpenik gabe. Pelikulan musikak presentzia handia du (ikus fitxa teknikoa) baina kantuak bere horretan ematen dira; ez du soinu-banda propiorik. Antzezpenean, berriz, Harvey Keitel protagonistaren paperaren aldean Robert de Nirok sortutako bigarren mailako pertsonaia gogoangarria aipatu behar da (kritikarien saria jaso zuen horregatik). Dialogoen zati handi bat antzezleek eurek inprobisatu zituzten. Scorsesek berak ohikoak dituen interbentzio txikiak egin zituen: off-eko ahotsak (pelikula irekitzen duena, zineman zirrika ari den gizona...), eta Shorty sikarioaren papera.

Sinopsia: New Yorken, italiarrek urtero ospatzen duten San Gennaroren omenezko festetan, lau gazteren nondik norakoak jarraitzen ditugu: Charlie (Harvey Keitel), osabarentzat kobratzaile lanetan aritzen den mutil zintzoa eta benetalaria; Johnny Boy (Robert de Niro), zorrak nonahi egiten dituen txoriburua; Michael (Richard Romanus), capo handia izan nahi duen trapitxero txikia; eta Tony (David Proval), denen biltokia den tabernako jabea. Auzoan, beraien bizitzak bortizkeriaren, diruaren eta adiskidetasunaren inguruan mugitzen dira. Une batetik aurrera, ordea, lagunen arteko giroa gaiztotu egingo da eta Charliek aukeratu beharra izango du: negozioetan gora egitea, edo lagunekiko fideltasuna...

Fitxa teknikoa: Zuzendaria: Martin Scorsese. Gidoia: Mardik Martin, Martin Scorsese. Ekoizpena: Martin Scorsese, Jonathan Taplin. Edizioa: Sidney Levin. Argazkia: Kent L. Wakeford. Musika: The Ronettes, The Rolling Stones, Derek & The Dominos, The Charts, The Shirelles, The Paragons, Little Caesar and The Romans, The Marvelettes, The Aquatones, Betty Everett, The Chantells, The Nutmegs, The Chips, Johnny Ace, The Shells, The Miracles, Cream, Renato Carosone, Giuseppe di Stefano & Dino Olivieri, Ray Barreto, Jimmy Roselli. Antzezleak: Harvey Keitel, Robert De Niro, Richard Romanus, David Proval, Cesare Danova, Amy Robinson, Victor Argo, George Memmoli, Jean Bell, David Carradine, Robert Carradine, Harry Northup, Martin Scorsese... Izenburua: Kale Latzak (eu), Les Rues Chaudes (fr), Malas Calles (es).

Azpitituluak bertsio hauetarako egokiak dira:

Mean.Streets.1973.720p.BluRay.x264.YIFY
Mean.Streets.1973.1080p.BluRay.x264.YIFY
Mean.Streets.1973.720p.BluRay.x264-BestHD
Mean.Streets.1973.BDRip.H264.AAC.Gopo
Mean.Streets.1973.720p.BluRay.x264.anoXmous
Zip archive Mean.Streets.1973.1080p.BluRay.x264.YIFY.zip — Zip archive, 45 KB