Askatutako azpidatzi gehiago: argitaratzeko modu berria hemen
Joan den astean jakin genuen, lagun batek abisatuta, Jaurlaritzak Open Datan askatutako filmen kopurua bikoiztu egin zela, 500 baino gehiago zeudela jada han. Horrek eraman gaitu azpidatzi horien antolakuntza beste modu batean planteatzera.
Duela hilabetetik hona, Open Datako horiekin, sinkronizatu eta dokumentatu ahala, egunean bat ateratzen egon gara, gutxi gora-behera. Kadentzia horrekin jarraituz gero, urtebete igaro genezakeen horrela, eta oraindik ez ginen denak argitaratzera iritsiko. Gainera, jario etengabe horrek ito egingo lituzke boluntarioek ekarpenak.
Horregatik, aurrerantzean, Filmazpit eta Open Data Euskadi zerbitzu publikoetan argitaratutakoak, gehienbat multzoka argitaratuko ditugu, eta, tranpa txiki bat eginez, "iraganean" kokatuko ditugu, webgunearen azalean eta orri nagusian nabarmenago ageri daitezen boluntarioen lanak. Barietate gehiago ere erakutsiko du kadentzia berri honek, ze Open Datakoak gehienbat 2014-15 urteetako film amerikarrak dira, ez dira zinearen historiaren aberastasunaren argazki on bat.
Gaur egin dugu karga masibo hauetan lehena. Irudi honetan ikusten direnak dira.
Banan-bana, hauek dira kargaturiko filmak:
- Mighty Joe Young
- Motel, non dago nire autoa
- Cinderella / Mari Errauskin
- Dracula Untold
- The Purge: Anarchy
- Avengers: Age of Ultron
- Johnny Mad Dog
- Casque d'or
- Area 51
- Maleficent
- Alexander and the Terrible, Horrible, No Good, Very Bad Day
- Non-Stop
- Le week-end
- Krokodiloen begi horiak
Dena den, ez dugu hau egingo Open Data edo Filmazpit-eko pelikula guztiekin: aipagarri samarrak iruditzen zaizkigun bai argitaratuko ditugula azalean. Esate baterako, Nebraska bezalako batek merezi du tratu hori.