500. filma nork egingo? saria izango du aizuek!

Azpitit — 2016/09/01 09:13:00 GMT+1

Urte hasieran begiratu izan bazeniote gure katalogoari, ikusiko zenuten doi-doi 700 film baino gehiagorekin hasi genuela. Baina handik gutxira, Argia Saria jaso ondoren, kalitatearen aldeko apostu bat eginez, X.A.ren azpidatzi okerrak ezabatzea erabaki genuen. 300 filmeko jaitsiera bat izan zen, eta 400 film ingurutan geratu ginen.

Baina 2016an zehar boluntarioen ekarpena oso ondo joan da, eta orain, film luzeen atalean, 499 filmetan goaz. Bat eskas 500 izateko.

Eta zein izango da bostehungarrena? Nork euskaratuko du eta igoko du film hori?

Ba bueno, sustapen ekintza txiki bat proposatzen dugu. Saritxo bat, 500. film hori euskaratzen duenari: Donostiako Zinemaldiko festa baterako bi lagunentzako gonbidapena. Emanaldietatik kanpo, glamour zinefilo asko egoten baita Donostian iraileko egun horietan, ba horrelako gauza batera gonbidatzen dugu gure hurrengo azpidazlea.

Aukera hau eskaintzen digu Gehitu elkarteak (Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak) zeinak Zinemaldian, duela urte batzuetatik hona, Sebastiane saria antolatzen eta eskaintzen duen. Zinemaldiko filmen artean LGTBI kolektiboaren errealitatea, askatasuna eta aurrerapen sozialak hoberen islatzen dituen film ekoizpenari ematen zaio Sebastiane saria, eta aurten, sail desberdinen artean, 11 film dira hautagaiak.

Ba hara, gure 500. filmaren euskaratzailearen sarirako, Sebastiane sarien emanaldi eta festarako gonbidapen bikoitza izango da. Irailaren 23an izango da hori, ostiralarekin, gauez edo iluntzean (detaileak argituko ditugu aurrerago). Izarrak, glamourra, photocall-ak, droga, jaia! Ez galdu aukera hau, eta ea, ba, ekin euskaratzeari!! Akaso udako 500 egunena izan daiteke...

OHARRA: lehiaketa honek tranpa dauka: Gunearen administratzaile Luistxok prest dauka film bat igotzeko... beraz, epe bat egongo da, irailaren 15a arte, ordura arte ez badu inork pelikularik ekartzen, Luistxok igoko du eta hala, berarentzat saria.