Azpitituluak.com, Interneteko Argia saria 2016
Atzo ohore handia jaso zuen Azpitituluak.com ekimen honek. Euskarazko Komunikazioaren 2016ko Argia sarietan, Interneteko saria jaso genuen. Sariak jaso zituzten halaber, ikus-entzunezkoen alorrean Gura Bazka bideo sortagatik Hiru Damatxo enpresa gazteak, Joxerra Senar kazetariak prentsa idatzian CANeko eskandalua azaldu duen liburuagatik, Loreak filmak, Gora Gasteiz xenofobiaren kontrako ekimenak, eta Euskal Irratietako Goiz Berri irratsaioak.
Webgune honen sortzaileak, Luistxo Fernandezek, jaso zuen oroigarria, eta honako hitzak esan zituen ekitaldian:
Eskerrik asko Argia, eta eskerrik asko, bereziki, azpitituluak euskaratzen lan boluntarioa egin duzuen lagunei, hemen etorri da nirekin Joxe Aranzabal, Toy Story sagaren euskaratzailea... beste hainbat lan ere euskaraz ditugu boluntarioei esker: Taxi Driver, Cinema Paradiso, Eraztunen Jauna, Edorta Eskuartazi, ...
Ekimen publiko bat ere badago, euskarazko azpitituluen alde lanean eta hura ere aipatu nahi dut: Filmazpit.
Era berean, duela urte eta erdi beste ekimen publiko bat ere iragarri zen, Jaurlaritzaren elkarlana Canal Plusekin ehundaka film euskaratzeko. Tira, hura aurkeztu zenean esan zuten emanaldiak izan eta urtebetera azpitituluak askatu egingo zirela, jabetza publikoa izango zirela. Ba bueno, epeak iritsi dira, eta dagokionari eskatuko nioke esijitzeko bere partea Canal Plusi, seguru nago Filmazpit-en oso txukun argitaratu ahal izango direla euskaratu diren pelikulen azpidatziak.
Spider-Man filmeko esaldia da, with great power comes great responsability. Nik esango dut orain, botere edo ohore handi honekin, erantzukizun handia ere badator, eta bereziki, azpitituluen kalitateari begirako zeozer egin beharko dela iruditzen zait.
Besterik ez, eskerrik asko bihotzez, Argia.