7 urte eta 700 film, baina balantze ezkor bat
Aurten, Azpitituluak Euskaraz proiektuak 7. urtea bete du, eta 700 film luzera iritsi gara katalogoan. Film interesgarri eta onak gehitu ahal izan ditugu katalogora, eta poztekoa da. Baina urte dut panorama ilun samar dagoela, eta 2016ra begira, aurreikuspen askoz tristeagoak egin beharko direla.
Batetik, aurten, aurreko urteetan baino film gutxiago kargatu ditugu. Herriaren ekarpenak, hau da, jendeak emandako azpitituluak, dexente jaitsi dira, 50 izan dira aurreko urtean 83 izan ziren bitartean.
Honetan ez dago asko egiterik: boluntarioen lana den bezalakoa da, denei eskertu behar zaie egiten duten apurra, eta ez dago besterik. Jendeak agindu izan du han eta hemen, tarteka, hau edo beste egingo zuela, eta askok egin ere bai, baina agindu horiek ere ez badira betetzen, ezin da askorik egin: nahiko lan eta buruhauste badu jendeak, konpromiso boluntario hauekin kakanahaste gehiagotan sartzeko.
Nik, Azpitituluak.com-eko administratzaile gisa azken urte parean saiatu naiz #KontrolBatzordea izeneko fikzio baten bidez, Twiterren jendea azpidaztera animatzen, baina horrek ere eman du berea. Umorearen bidez xaxatzen saiatu bai, baina gehiago ezin daiteke. Eta etsitzea erabaki dut: Kontrol Batzordea disolbatzen da. Eskerrik asko denei, boluntarioen bilaketa pelma honek ez du jarraituko; segituko dut jendeari egindako ekarpenak eskertzen, baina proselitismo saiakera antzuekin ez dut nire burua gehiago nekatu nahi. Pertsonalki, nik ere tarteka azpidatziak euskaratzen jarraituko dut, eta hori egin nahi duten guztiak ongi etorriak izango dira, hori da dena.
Beste alde batetik, 2015ean Xabier Aramendiren azpidatzi gutxiago kargatu ditugu, gehienetan desastrosoak izan ohi direlako, eta esperantza genuelako kalitate profesionalekoekin ordezkatuak ikusiko genituela. Hau da, Canal Plus-ek diru publikoz ordaindutako azpidatziak askatzen hasiko zirela, eta hortaz film berri samarrak ikusiko genituela euskaraz, Canal Plus-en agertu eta urtebetera. Bada, urtebete hori pasatu da, eta ez dago albisterik.
Beste ekimen publikoa ere, Filmazpit, moteldu egin dela dirudi. Guk 19 film kargatu ditugu katalogo horretatik, baina gehienak iaz kargatu ziren filmak izan dira. Aurten, Filmazpitek bakarrik 4 filmen azpitituluak banatu ditu, hori da egia. Jatorri profesionaleko beste azpititulu batzuk agertu dira katalogoan, Kuletxov sorta esan izan duguna, baina horiek Emule-ko filtrazio anonimo bategatik eskuratu ditugu.
Gainerakoan, Euskal Herrian ez dago azpitituluen aldeko mugimendu berezirik (salbu eta Oihaneder Euskararen Etxeak Gasteizen egindako zikloaren adibidea). Azpidatzi bikoitzen aukera inori ere ez zaio okurritzen sustatzea, eta babes ofiziala duten herri-zinemaldi guzti guztietan erdaraz izaten da zine guztia (soinuz edo azpidatiz), ale testimonialak salbu. Adibide gisa balio beza Errenterian Koldo Mitxelenaren omenez egindako zikloa: euskalari handi hura zine-zaletua izan zen, eta euskarazko kritika/oharrak idatzi izan zituen bere garaian aretoetan gazteleraz kontsumitzen zituen filmen inguruan. 2015. urtean, ziklo horretan gauza bera gertatu da; Francoren garaian bezala, filmak erdaraz kontsumitu izan dituzte, euskararen agerpenik gabe.
Dena dela, Azpitituluak.com ez da itxiko. Nik neuk, bere administratzaileak, lanean jarraituko dut, webgunea eta bere katalogoa ez dira itxiko, noski. 2016 urte amaierarako helburu xume bat jarriko dut, ea 750 filmetara iristen garen, aurtengo erdiak baino gutxiago. Pertsonalki, film bat edo beste egingo dut nik, eta seguru nago beste lagun batzuek ere egingo dutela, tabarrarik inori emango ez diodan arren.