Lawrence Lessig (AEBetako presidentziarako hautagaia) eta euskarazko azpidatziak
2016an egingo dira Estatu Batuetako presidentziarako hauteskundeak. Lehia bizia dago Alderdi Errepublikarraren nominazioa lortzeko (Donald Trump eskandalosoa hor delarik), ez horrenbeste, itxura batean, Alderdi Demokratan, non Hillary Clinton oraingoz hautagaia sendoa den. Baina demokraten artean ere badago lehia, eta aste honetan 6. aurre-hautagaiak bere partaidetza iragarri du Lawrence Lessig abokatuak.
Creative Commons lizentzia multzoaren sortzailea da Lessig, edukiak sarean libreki partekatzearen aldeko ekintzaile teknofiloa. Bere interes politikoa, hala ere, AEBetako hauteskunde sistemaren finantziazioarekin lotuago dago, demokraziaren izenean erradikalki aldatu behar dela dio. Izatez, presidentziarako bere kanpainaren zioa da fokua hor jartzea. Aukerarik ez du, seguruenik, eta badaezpada ere, presidente hautatua balitz finantzazioa-erreforma egin ondoren kargua utziko lukeela iragarri du.
Dena dela, hona ekarri badut Lessig, izan da 2008an, Euskal Herrira egindako bisita batean Azpitituluak Euskaraz webgunea aipatu zuelako, eta erakutsi ere bai egin zuen aurkezpen batean.
Sustatu.eus |
Lawrence Lessigen hitzaldia Miñaon
© cc-by-sa:
garaolaza
Jakin nuenean Euskal Herrira zetorrela, bere hitzaldi bat errepasatu nuen, eta hartan azpititulatzaileen komunitateez jarduten zuela konturatu nintzen. Ideia eman zidan horrek, ea prestatu behar zuen honako hitzaldian euskarazko adibideren bat sartuko ote zuen tartean.
Mezu bat bidali nion Lessigi, bere blogaren bidez, edukia berrerabiltzeko adibide gisa, agian interesatuko zitzaiola filmak azpititulatzeko kontua. Post bat ere idatzi nuen nire ingelesezko blogean, eta, bai, aipatu egin zuen, eta adibide gisa jarri zuen, bizpahiru diapo erabiliz bere aurkezpenean. Hala nola AEBetako gazteen artean, Anime film japoniarrentzako azpitituluak ingelesez jartzeko ahalegina dagoen azpikultura gero eta indartsuago batean, ba Euskal Herrian ere ba omen dugula halako zerbait, horixe esan zuen ;-)
Sustatu.eus |
Lawrence Lessig, azpitituluak euskaraz
© cc-by-sa:
garaolaza
Bide batez, Miñaoko parke teknologikoko Lessig-en hitzaldi hartan, ez bakarrik azpitituluak, euskara, gure hizkuntza, kontu honengatik aipatu zen. Sustatun kronika bat ere idatzi nuen egun hartan.
Egia esan, oso berde zegoen orduan Azpitituluak Euskaraz, eta gero ere ez da fansub komunitate kolaboratzaile baten gisan hazi, baina 7 urteren buruan hemen gaude ia 700 pelikularekin eta beste zenbait edukirekin. Eta irauteko gogoz, ikus-entzunezkoak euskaraz disfrutatzeko orduan azpitituluak libreki partekatzea ideia on eta probetxugarria delakoan. :-)