Nola sortu azpititulu bikoitzak, adibideekin

Luistxo — 2014/01/12 12:19:00 GMT+2

Nazioarteko herrialde elebidun batzuetan, zinea azpititulu bikoitzekin emateko ohitura normala da (Israel, Brusela hiriburua Belgikan, Estonia...). Euskal Herrian inor ez da saiatu honekin, eta bada garaia norbaitek egiteko: horixe erreibindikatu nuen webgune honen izenean duela aste batzuk Sustatun; eta Urtzi Urrutikoetxea kazetariak ere gauza bera eskatu izan du (eta udal bat mugitzera animatu du, bide batez).

Film bat azpititulu bikoitzekin emateko zer sistema erabiltzen den munduan, ba ez dakigu. Telebista edo zinema aretoetako emanaldietarako teknika desberdinak erabiliko dira azpitituluak irudiari lotzeko, eta baita azpitituluak bikoitzak direnean ere. Mondragon Unibertsitatearen telebista propioan, adibidez, erabiltzen dituzte, eta interes profesionala duenak haiengana jo dezake.

Dena dela, gaia ikertzen, tresna bat deskubritu dut, eta horrek etxerako eta ordenagailu/kanoi bidezko emanaldietarako balio dezake. SRTmerger da tresnaren izena, eta bi azpidatzi ematen dizkiozu input gisa, eta bakarra ematen dizu emaitza gisa, non kolorez bereiztu ditzakezun bi azpitituluak. Emaitza ez da guztiz ideala, baina aprobarako, balekoa izan daiteke.

SRTMerger-era azpitituluak igo aurretik, zein kodeketan eginda dauden bi jatorrizkoak. Gero, lehenbizi igo erdarazkoa, eta eman horri kolore bat (horia). Ondoren, bigarren fitxategia izan dadila euskara (eta hori zuriz agertzeko, default aukeratu kolorerako). Nire ustez hobeto da goian erdara horiz, eta behean zuriz euskara. Irudian erakusten da nola. (oharra: azpitituluen lerro formatua ondo egon behar da, bestela etenda geratzen da emaitza output fitxategian).

Eta, tira, emaitzak prest. Bi saiakera. Bat gaztelania/euskara azpitituluekin, japonieraz den film eder baterako, Arrietty, hemen duzue.

Beste aproba, ingelesa/euskara azpititulu bikoitzekin, Toy Story 3 filmarekin. Kasu honetan, emaitza ez da hain biribila. Irudian ondo agertzen da, baina ingelesezko eta euskarazko azpitituluen sinkronizazioa ez zen guztiz identikoa bi fitxategien artean, nahiz eta biak bat etorri filmarekin. Horrek lerroen salto apur bat deserosoak eragiten ditu kargatzen den lehen hizkuntzan (kasu honetan, ingelesa, horiz). Aproba gisa, dena dela, balio du, prozesua dokumentatzeko.

Emaitza bikoitz hauek, bi kolorerekin, ondo ikusten dira VLC-ren bidez ordenagailuan. Telebista modernoen kasuan, ez dute balio. Emanaldi publiko baterako, ordenagailu eta kanoiz egin izanez gero, uste dugu emaitza optimoa lor daitekeela.

Inork interesa balu emanaldi publiko bat antolatzeko film-en batekin eta azpititulu bikoitzekin, laguntzeko prest. Jarri kontaktuan eta moldatuko gara.