2013ko balantzea eta asmoak 2014rako
Balantze polit batekin itxi da 2013 urtea Azpitituluak.com-erako. Eskerrik asko denoi.
2008ko udan sortu zen webgunea, beraz, aurtengo udan bete zituen 5 urte proiektu honek. Antolakuntza apurtxo bat egin dugu aurten, eta film luzeen kontaketa 450 filmetara iritsi da abendua amaitzearekin.
Film horien jatorria aztertu dut honako taula honetan:
Azpititulu gehienen jatorria XA da, Xabier Aramendi. 2011. urtean webgune honetan bertan kolaboratu zuen, baina gero haserretu egin zen, eta bere azpitituluak Opensubtitles eta Euskarazko Azpidatziak webguneetan jartzen ditu harrezkero. Hemen, via Opensubtitles eta via Eus. Azpidatziak ikusten duzuenean, handik hartutakoak direla esan nahi du, eta egilea XA dela. Azpititulugile prolifiko honen lanek arazotxo bat dute: oso txarrak dira. Euskara batutik kanpoko berak asmatutako ortografia eta ezaugarriz betetako euskara batean daude idatzita, eta kalitatearen aldetik ere okerrez beteta daude, ikuskatze baten ondorengo zuzenketarik gabe kargatuta daudela ematen du. Eskolaumeekin edo euskara ikasten ari direnekin erabiltzeko, adi, beharbada ez erabili XArenak, ortografia eta abarrekin ikuslea despistatzeko arriskua baitago.
Baina gauzak diren bezala, egia da halaber katalogoaren alde handiena XAri esker osatu dela, 2011. urtetik aurrera. Hala ere, 2013. urtean, kalitate hobeko azpitituluak gehiago direla esan dezakegu, XA jatorria dutenak baino, eta hori pozgarria da. Taulari begiratuta, "XA zuzen." markak adierazten du jatorriz XArenak zirenak baina zuzendu egin diren azpitituluak. Filmazpit-ekoak dira profesionalki sortutako azpidatziak, eta "Herria" gainerako guztiak gara, azpidazle amateurrak eta boluntarioak: gure lanak amateurrak dira halaber, baina normalean, azpititulu jasangarri eta onargarriak egiten ditugu.
Gainera, Herriaren ekarpen horiek asko hazi dira 2013an. Astean bat baino gehiago, ertaina aterata! Neurri handi batean hori izan da bi azpititulatzaile indibidualen batzuek lan berri asko gehitu dutelako, eta Ekialde sinatzen duenak ere, osatu gabe zauden mordoxka bat amaitu egin zituen udan, eta besteren batzuk ere kargatu ditu harrezkero. Eskerrik asko denei.
2014rako helburu gisa, 500 film luzetara iristea izan daiteke argiena, eta lortuko dugula argi samar dago. Horrez gain, XA jatorrikoak baino, gainerakoak gehiago izan daitezela (selektiboak izango gara XA filmekin). Eta, azkenik, hau denon esku dago eta auskalo nola irtengo den, baina zaila ematen du Herriak, amateurrok, astean bat sortzea, normalean ibiltzen garen bezala. Baina ea, gure buruak eta gure ingurukoak xaxatuz, ea hileko 3 ekarpen herritar lortzen ditugun: 36 film luze "herriarenak", urte amaierarako.
(Datu hauek gehienak film luzeei dagozkioenak: aurten aparte jarri ditut Erdi- eta Laburmetraiak , eta telesailak ere beren sailkapen propioa dute. Nire iritzi pertsonala da zinemaren historiako film bat edo beste euskaratua izatea interesgarriagoa dela telesail bateko atalekin saiatzea baino).
Jendearen ekarpenak animatzen saiatzeko, marketing egiten saiatuko naiz. Ikastarotxo bat antolatu nahi dut otsail edo martxorako, larunbat goiz batean bildu eta azpitituluak eta filmak nola lortu, bateratu, eta itzuli daitezkeen azaltzeko. Laster informazio gehiago horretaz.
Horrez gain, Blogetan lehiaketara aurkeztu dut AzpitituluakCom, ea zorterik dagoen eta oihartzuna lortzen dugun behintzat. Bozketa fase bat egongo da urtarril amaieratik aurrera, eta orduan ere gogoraraziko dizuet zaletuoi.
Besterik ez. Urte berri on. Animatu film bat azpititulatzera, lagunok :-)