Jokoen euskaratzea
Webgune honen hastapenetan, erabiltzaile batek saiakera bat egin zuen: bideojoko baten itzulpenarekin saiatu, eta haren fitxategiak kargatu zituen hona. Kontu hark ez zuen jarraipenik izan, eta webgune honen zuzendaritza ere filme azpidatzien euskaratzean zentratu izan da beti.
Baina, hara, beste ekimen bat ere sortu zen duela parte bat urte, Game Erauntsia: bideojokoen zaletu euskaldunen txokoa. Eta komunitate horretan, jokoak itzuli daitezkeelako kezkarekin, horri ekin diote, eta atal bat ireki dute. Game Erauntsikoei jakinarazi genien geurean zegoen ale horren berri, eta konprobatu dute ibili badabilela, euskaraketa partziala den arren: Star Wars Knights of the Old Republic da jokoa.
Jokoak itzultzea oso desberdina da filmak euskaratzetik. Joko askotan testu-bidezko instrukzio eta mezuak agertzen dira, eta horietan egin daiteke euskaratze eraginkorrena, baina plataforma eta teknologia oso desberdinak daude: ez dago SRT bezalako formatu erraz eta erabilgarri bat. Gainera, euskaratzeko aukerak, joko zaharkitu samarretara mugatuta daude oraingoz.
Hala ere, Game Erauntsikoak egiten hasi direna ere inportantea da. Gure albo-zutabetik esteka zuzena egin diegu beraien joko itzulien atalari. Dozenerdi oraingoz, baina hemen ere horrela hasi ginen, banan-banan. Animo Game Erauntsia!