Ehundaka azpidatzi askatuta! orain boluntarioak behar ditugu dokumentatzeko

Azpitit — 2017/02/02 12:51:00 GMT+1

Film eta telesailen artean, 400 bat SRT fitxategi euskarazkoak askatu ditu Eusko Jaurlaritzak (albistea Sustatun / azpidatziak Open Data Euskadin). Albiste ona, eta lan pixka bat emango diguna guri. Azpidatzi horiek dokumentatu nahi ditugu, eta geure webgunera igo pixkanaka.

Lan hori egiteko, boluntarioak eskertuko genituzke, jakin dakitenak azpidatzien fitxategiak ber-sinkronizatzen: denbora trantsizioak eta frame-rate aldaketak egiten dakien jendea, Subtitle Edit edo Gaupol bezalako tresnekin trebatuak. Laguntzeko prest? idatzi mesedez azpitituluak (a bildua) azpitituluak.com e-posta helbidera. Eskerrik asko.

Azpitit dio:
2017/02/06 09:46

Albiste honetan irakurri dugunagatik orain askatu diren azpitituluak lehen sorta bat dira, seguruenik 2014 eta 2015ean urteetan eman zituztenak Plus plataformetan. Albistearen arabera, guztira, atzerriko 548 pelikula eta 67 telesailetako 600 kapitulurentzat egin dituzte euskarazko azpitituluak." Espero daiteke, urtebeteko kuarentena baten ondoren, urtebete barru falta direnak askatuko dituztela.

Azpitit dio:
2017/02/09 11:25

Joan den asteko deiari erantzunez, pare bat boluntariok eskaini dute beren burua Jaurlaritzak askatutako azpidatziak ber-sinkronizatzen laguntzeko. Eskerrik asko. Pertsona hauei lana errazteko, tutorial bat prestatu dugu, Subtitle Edit eta Gaupol programak nola erabil daitezkeen zeregin horretan: ber-sinkronizatzeko tutoriala.

Baina aldi berean, poztu gara beste boluntario batzuek (Jon, Joxe A.) jarraitu dutelako filmak euskaratzen eta kargatzen. Jaurlaritzak askatutako azpidatziak epe jakin batekoak dira, 2013-2015 tarteetakoak, nagusiki USA jatorrikoak. Pelikula interesgarri mordoxka bat badaude hor, baina beste askoren interesa erlatiboa da.

Alegia: zine asko dagoela 2013-15-USA eremutik kanpo, merezi duena euskaratzea. Ez dadila katalogoa Jaurlaritzak egindakoaz eta epe horretakoarekin ito. Animatu nahi dugu jendea zinea euskaratzen jarraitzera, eta guk balioetsiko dugu boluntarioen lana, bai horixe.

Azpitit dio:
2017/02/14 11:05

Berria egunkariak gaur argitaratu duen albisteak dioenez, hiru urtez funtzionatu izan duen hitzarmen honek jarraipena izango du. Dio Berriak: "Aurten ere, Jaurlaritza Movistar+ekin ariko da lankidetzan".

Eta dio Eusko Jaurlaritzak: "Movistar+ Estrenos katean ikusgai egongo diren atzerriko hizkuntzetako zinema eta fikzioko telesailak euskaraz azpidatzita ikusteko modua edukiko da. Aurrekontuen zirriborroan kontu sail bat izango da, iazko kopuru berarekin, horrelako egitasmoak bultatzeko".

Poztekoa, gure iritziz.

Arsenicum dio:
2017/02/15 14:21
Oso berri ona hau ere, horren epe txikian horrenbeste azpititulu askatzea.

Irrikitan nago zeintzuk diren ikusteko.
Azpitit dio:
2017/02/15 14:58

Aupa Arsenicum: askatutakoen zerrenda hemen duzu (filmak), eta telesailen zerrenda, Sustatuko albistean.

Fitxategiak deskargarako, bi ZIP, hemen dituzu. Geure webgunera pixkanaka ekarriko ditugu, sinkronizazioak dokumentatu ahala.

Arsenicum dio:
2017/03/03 03:06
Otsailak 28an Filme gehiagoren azpitituluak askatu zituzten. 547 dira orain!
Arsenicum dio:
2018/08/03 03:24
Gabon!

Uste dut opendata euskadin azpititulu gehiago eskegi dituztela. Eguneratze data 2018/08/02 jartzen du eta.

http://opendata.euskadi.eus/katalogoa/-/euskarazko-azpitituluak-filmak-eta-telesailak-euskaraz/

Orain 802 Filme dira, eta Telesailak ere eguneratu dituzte. Game Of Throneseko 7. Denboraldia besteak beste!