Magnet estekekin, BitTorrent-etik gauzak jaistea are errazagoa da orain

Azpitit — 2012/03/04 20:40:00 GMT+2

Aste honetan, Pirate Bay torrent webgune ezagunak, torrent fitxategien deskarga atzean utzi, eta Magnet esteken hautua egin du. Lasai, azpidazleok, BitTorrent teknologia izaten du webgune honek gomendatzen duena, eta neurri honekin, BitTorrent bidezko film eta material trukea indartua azaltzen da.

Gorka Julio Teketen informatikari eta blogariak argitu dizkigu kontu batzuk: "Ez dago aldaketarik erabiltzaileentzat, baina sarea bera seguruago egiten dute. .torrent fitxategiak jaitsi behar ez direnez, ez dira hauek ere zerbitzarietan mantendu behar eta horrek seguruago egiten dute. Loturek meta-datuei egiten diete erreferentzia ez kokapenari eta beraz horri esker gero sareak berak emaitzak bilatzen ditu."

Dagoeneko, Torrent bezero nagusiak (fitxategiak jaisteko erabiltzen ditugunak) egokituak daude aldaketarako. Teketenek gomendatu dizkigunekin eta gure laborategi sekretuetan probatu ditugunen artean, hauek gomendatu ditzakegu:

  • Vuze, plataforma orotarako.
  • Deluge eta Transmision, biak oso ondo Ubuntu Linux-en.
  • QBittorrent edo Miro Windows eta Mac inguruneetarako.
  • Tribler, plataforma guztietan, zeinarekin, gainera, ez duzu PirateBay edo Torrentz edo holakorik erabili beharko gauzak bilatzeko, integratua baitauka berarekin P2P erako bilaketa funtzio bat.

Bide batez, ez duzue hau baino konparatiba hobeagorik topatuko.