Filmazpit, zinemaldietarako euskaratutakoak
Gaur aurkeztu da Eusko Jaurlaritzak sustatutako Filmazpit ekimena, euskaratutako edo euskarazko azpidatziak dituzten filmekin emanaldien zirkuito bat antolatzea helburu duena. Informazio gehiago hemen. Honako zinemaldietarako itzulitako euskarazko azpitituluak agertuko omen dira han:
- Donostiako Zinemaldia
- Giza Eskubideen Zinemaldia (Donostia, apirila)
- Animabasauri (Basauri, apirilean)
- Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea (Donostia, urrian)
- ZINEBI (Bilbo, azaroan)
- Mendi Zinema (Gasteiz, abenduan).
Hasteko dozena bat filmerekin ekin diote; gehienak laburmetraiak. Jaisteko moduan daude azpititulu horiek kasu batzuetan, SRT formatuan, eta beste batzuetan RDF fitxategiak dira, non ez dagoen denbora-informaziorik, hau da, sinkronizazio bat egiteko hutsetik abiatu behar da ia ia.
Beste toki batzuetan agertzen diren azpitituluekin bezala (Freesubtitle, OpenSubtitles, JatorrizkoBertsioa, EuskalEncodings), Filmazpit-en agertzen direnak ere gustura jaso eta banatuko ditugu hemendik ere, ahal denean sinkronizazio eta bertsioen berri emanez. Ongi etorri Filmazpit, euskarazko azpidatzien mundutxo honetara.