Gune honetan moldaketa eta ekarpen guztiak onartuko dira, baina ez deskalifikazioak
Azpitituluen munduak inoren ekarpenen gainean moldaketak egitea du funts praktikoa. Batek sortzen du auskalo nola ingelesezko azpititulu bat (gidoiaren egileei edo produkzio etxeari baimenik eskatu barik, jakina), eta normalean ingelesezko bertsio horien gainean jaiotzen dira gaztelaniazkoak. Gaztelaniazko bertsio horiek ere moldaketak izaten dituzte batetik bestera, webgune desberdinetan agertzen dira, Amerikako edo Espainiako gaztelaniarako bertsioak sortzen dira, aldatzen dira, biderkatzen dira... Euskarazko bertsioak sortu izan ditugunean ere, gehienetan egingo genuen gaztelaniazko edo ingelesezko testu bat hartuta baten bati, eta harena itzuliz, moldatuz.
Baimenak inplizituak dira: sarean jartzen dute azpititulatzaileek lana, besteek erabili eta birzikla dezaten. Ez dago baimen eskaera espliziturik. Are gehiago, sortzezko baimena, izatez, gehienetan falta izaten da: copyright-a duten gidoi eta testuak dira truke honetan baimenik gabe itzuli eta partekatzen direnak.
Azpitituluak partekatzen dituenak badaki (edo jakin behar luke) bere lana beste batzuek aprobetxatu ahal izango dutela, eta eraldatu ere bai, berak aurrekoena eraldatu duen bezalaxe. Eta eraldaketak, gainera, originalaren ezabaketarik gabe gertatzen dira: beste toki batzuetan bezala, bertsioa gehikuntzak dira hemen, ez aurrekoen ordezkapenak. Originalak bere tokian dirau, nahi duenarentzat baliagarri, moldaketak bezala.
Tamalez, Azpitituluak.com-en, ekarpen gehien egin duen pertsonak ez du horrela pentsatzen. Bere lana ikaragarria izan da, inork ez du euskaraz berak bezainbesteko lanik egin, eta neuk pertsonalki behin eta berriro eskertu diot. Baina beste inork hark egindakoak ukituz bertsio gehigarriak proposatzen baditu, errespeturik gabeko (adibide bat) erantzunak jasatera (bi) kondenatzen da (hiru).
Euskararentzako korpus edo bilduma edo dena-delako hau osatzen segitzeko erabakia hartua daukat. Azpitituluak.com-en ez da inoren ekarpenik atzera botako, arbuiatuko edo ezabatuko, ez originalik, ezta moldaketarik ere. Ekarpen horiek egiteagatik ez zaio inori kargurik hartuko, ez ortografiagatik, ezta materialaren jatorriagatik, ezta bertsioak eraldatzeagatik ere. Eta deskalifikazioak, erantzun mingarri horiek, ezabatzeko ardura hartuko dut, egoki baderitzot. Webgune ireki gisa sortu nuen ekimen hau, eta urteroko euro batzuk kostatzen zait. Irekia izateko petralkeriak moztu behar baditut, hala izango da.
Azpititulu guztiak bildumaren parte izatera igaroko dira; baita beste toki batzuetan sortutako ekarpenak ere, oraintsu JatorrizkoBertsioa.com-en kargatu direnak, adibidez; edo Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek udaberrian iragarri zuen beste webgune bat sortzen bada ere (babes ofiziala izango omen duen euskarazko azpidatzien webgune bat, nonbait), hangoak ere ekarriko ditugu. Hala Tutatis!