Azpidatziak aurrera

Azpitituluak-eus 2008/10/22 15:30:00 GMT+1

Bada hilabete bat webgune hau martxan jarri zela. Orain arte hemen piztu den parte-hartzea ez da masiboa inondik inora, baina asko poztu naiz nire ekarpen xumeez aparte, beste batzuk ere eman dituztelako eurenak: eskerrik asko Unai, Dings, Aket.

Beste mezu pribatu batzuk ere jaso ditut aportatu nahi duen jendearena. Materiala atontzen ari direla eta hola. Eskerrik asko aldez aurretik horiei ere.

Han-hemenka izan du ekimen honek agerpen publiko bat edo beste. Hona lotura batzuk:

Bai Berrian eta bai Lessig-enean, neuk prestaturiko pantaila-irudi bat agertu zen: Mononoke Printzesa filmetik hartua da, Ashitaka printzea ageri da besoari eutsita, euskaraz.


Argazkiak.org | Mononoke Hime filmetik © cc-by-sa: Luistxo.F

Ez zait erraza egiten filmak ikusten ari naizen bitartean pantaila-irudiak ateratzea eta, laneko lagun teknikari baten laguntzarekin, behin adibide hori lortuta, horixe ari naiz banatzen han-hemenka, eskatzen didatenean. Agian wikian dokumentatuko balu norbaitek pantallazoak nola atera...

Beste kontu bat ere ikasi dut, itzultzaile batek jakinarazi zidan, eta Berrian ere ikusi nuen: azpitituluak barik, azpidatziak da euskara batuan hobetsitako terminoa. Tira bada, agian hemendik aurrera testuetan azpidatziak erabiltzen hasiko naiz, baina oraingoz ez diot URL helbidea edo izenburua aldatuko webguneari: uste dut hedatuagoa dagoela termino okerra, azpitituluak, eta jendeak hori bilatzera jotzen duela sarean. Horregatik oraingoz, ez dut arbuiatuko azpitiuluak hitza.

Pozten naiz, halaber, euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak aurrera doazelako beste frente batzuetan. Euskal Encodings gogor ari da, eta Gazteak telesailarekin egin dutena, kristolakoa da. Beste blog interesgarri bat ere sortu dela jakin dut, Irudi Txokoa, Gasteiztik nekaezin jo ta sua lanean. Alboko loturetara gehitu dut.

Mila esker berriz ere, eta aurrera jarraitu dezagun.

Lualiza dio:
2008/11/04 15:15
Benetan zorionak ideia eta blogarengatik.
nire aspaldiko ideia hartu duzu eta uste det lagungarria izan daitekela pixkanaka ohiturak aldatzeko. filmak bertsio originalean entzutea atsegin zait , batez ere ingles apurra praktikatzeko.
gainera aukera polita izan daiteke euskera ikasten ari direnentzat.
nere artxibotatik ea azpidatzirik itzultzerik daukaten eta igotzen saiatuko naiz.
zorionak berriro