Zineklubak eta euskara: Paradixu ala infernu?

Luistxo Fernandez — 2016/04/10 08:27:00 GMT+1

Herri euskaldun bateko zineklub euskaldunak Nuovo Cinema Paradiso filma iragarri du datorren astebururako. Paradixu Zinema du izena zineklubak eta, filma euskaratua dagoela kontuan harturik, hala emango dutela pentsa liteke, ezta? Non eta Azpeitian, UEMAko herri batean...

Baina uste dugu ezetz, erdaraz emango dutela. Aurretik ere, jakinaren gainean programatutako film bat euskaratua zegoela ( Mandarinak ), erdarazko emanaldia egin izan du zineklub honek. Eta aste honetan ere, txioekin matraka eman arren, ez dute ezer erantzuten.

Baina kontuak ez dira errazak. Ez da utzikeria bakarrik. Izan ere, arazo burokratiko legalak daude tarteko. Lehenago ere entzunak nituen beste zineklub batzuen kontura, eta laburbilduko ditut. Zera da kontua:

  1. Zineklub, udal edo dena-delako emanaldi antolatzaile bat bazara, film bat emateko Espainian (Hego Euskal Herriko egoeraz ari naiz, auskalo zein den Iparraldekoa), banatzaile batek zinta ofizialki pasatu behar dizu, eta eskubide jakin batzuk ordaindu beharko dituzu (agian 200 edo 300 euro filmeko).
  2. Banatzaileak DVD jakin bat emango dizu, eta horixe eman behar omen duzu. Han soinu banda orijinalaz aparte, hizkuntza jakin batean badatoz azpidatziak, ba azpidatzi horiek eman behar dituzu. Klaro, euskarazkoak oso DVD gutxitan daude.
  3. Zuk eskaini diezaiokezu banatzaileari, lasai, utzi niri DVD-a eta nik manipulatuko dut azpidatzi kontu extra bat gehitzeko euskaraz. Teknikoki ez da kontu erraza, film digital bat SRT batzuekin edozein ordenagailutan bateratzen dugu doako tresnekin, baina horretarako gaitasun handiagoa behar da.
  4. Banatzaileak onar dezake DVD+EU aukera hori... edo ez. Eta orduan, ezin duzu azpidatzirik eman, nonbait. Jakin badakigu kasuren batean buelta aurkitu dutela antolatzaileek: DVD-a emititu irudi tamaina txikiagoan, eta aldi berean haren azpian, beste bitarteko batzuekin, azpidatziak ere emititu. Teknikoki korapilotsua hori ere.

Orduanz zer? Konformatu eta Cinema Paradiso edo beste edozein emanalditan euskara albo batera utzi beharra dago derrigorrez? Ez. Badago modua, egon behar da. Eta zera proposatzen dut nik:

Banatzailearen DVD legala ezinbestekoa bada, jaso DVD hori, baina eduki gordeta kajoi batean. Emanaldiaren unean, eman saretik jaitsitako peli bat eta SRT-a gehitu hari VLC bidez, eta hor konpon. Emanaldia euskaraz izango da sinkronizazio egoki batekin, teknikoki arazo gutxiago, DVD eskubideak ordaindurik, banatzaileak zehazki zer gertatu denez du jakin beharrik...

jon dio:
2016/04/10 12:15
Betalde, seguru zine emanaldi horiek udalak diruz laguntzen dituztela. Beraz, udalak ere bermatu beharko lituzke herritarren eskubide linguistikoak, ezta?