Yellow Submarine

Oier Gorosabel Larrañaga — 2014/03/28 18:54:00 GMT+1
Urtea
1968

Umeekin 1001 bider ingelesez ikusi eta gero, ia buruz dakit pelikula hau; beraz nire azpititulatzaile estreinaldirako ez dut zalantza handirik izan. ;-) Marrazki bizidunetako film gehienekin gertatzen den bezela, Yellow Submarinek irakurketa multiplea du: haur txikienak izaki fantastiko eta kolore bizien festa atsegina aurkituko dute; gaztetxoek berriz, azpitituluekin erraz jarraitzeko moduko fabula hippy optimista; eta nagusiek, horren guztiaren azpian dauden hitz jokoak eta ironiak deskubrituz ondo pasatuko dute. Ekoizpen hau Beatles talde hiperfamatuaren promoziorako pentsatu bazen ere, hori baino askoz ere gehiago bihurtu zen. Arrakasta itzela izateaz aparte, Yellow Submarine itu garrantzitsua izan zen animazio munduan, irudiak lantzeko era artistikoarengatik. Zentzu horretan, pelikula honek eragin handia izan zuen 1970 hamarkadako artista grafikoetan (Monty Python taldeko Terry Gilliam edo TVE-n aritutako Jose Ramon Sanchez ilustratzaileak adibide onak izan daitezke).

Sinopsia: Piperlandia izeneko lurraldean bizitza alaia eta harmoniotsua da; Gaizkin Urdinen erasoaren ostean, baina, bertako biztanleen bizimodua ilun eta isila bihurtzen da. Haietako batek, ordea, urpekontzi xelebre baten ihes egitea lortzen du eta Liverpoolera ailegatzen da laguntza bila. Beatles taldeko lau lagunak aurkituko ditu bertan, eta denok urpekontzian enbarkatuta abenturak hasiko dira, jo ta ke Piperlandia askatu arte! ;-)

Zuzendaria: George Dunning. Ekoizlea: Al Brodax. Screenplay: Lee Minoff, Al Brodax, Jack Mendelsohn, Erich Segal. Gidoia: Lee Minoff, John Lennon, Paul McCartney. Ahotsak: Paul Angelis, John Clive, Dick Emery, Geoff Hughes, Lance Percival, Peter Batten. Musika: George Martin, The Beatles. Editorea: Brian J. Bishop. Estudioak: Apple Films, King Features Syndicate, TVC London. Wikipedia .

Euskarazko itzulpenari buruz: frantsesezko azpitituloaren "eskeletoaren" gainean eginda, ingelesezkoen eta gaztelerazkoekin erkatuta. Hitz joko asko daude filmean, eta haien aurrean nola jokatu erabaki behar izan dut askotan: gehienetan literalki itzultzeak ez zuen zentzurik, eta estilo beretsuko hitz jokoak euskaraz egiten saiatu naiz, betiere filmaren testuinguruarekin ez hautsita.

Bi aukera erantsita, bertsio hauetarako:

 THE BEATLES-Yellow Submarine (1968) DVD-Rip VOSTF XviD Titanic Team.avi
 Yellow Submarine 1968 DivX - velvetfog
application/rar YellowSubmarine-eu.rar — application/rar, 47 KB
Azpitit dio:
2014/03/31 12:54

Eskerrik asko Oier, zure lehen azpititulengatik. The Beatles-en pelikula bat, ekarpen interesgarria :-)

Luistxo dio:
2014/04/07 21:57

Beste bertsio baterako egokitu dut, halakoxea neukalako jaitsita, eta sarrera egokitu dut webmaster botereak erabiliz.

Benetan film bitxia, Oier. Aipatzen dituzun eragin estetiko horiez gain, irudi zait Banksy-ren stencil artean ere badagoela arrastoa, hasierako Liverpool horretan. Urrutiago, beharbada (irudipen pertsonal bat, akaso okerra), Hayao Miyazakiren munduan ere ikusi dut eraginen bat: Jeremy pertsonaiak gogoratu dizkit haren marrazki eta pertsonaia batzuk, eta baita ibilgailu eta bidaia fantastikoen kontuak.